viernes, 13 de mayo de 2016

orrialde nagusia - página principal
www.munduabizikletazamerikan.blogspot.com

2016-02-27 / 2016-03-29 -- 706 km

IBILBIDEA (klikatu izenean) RUTA (clickar en el nombre)
ARGENTINA: Cafayate - TXILE: San Pedro de Atacama

LAGUNEKIN BERRIZ ETA IPARRALDERANTZ

Bidaia honetan, aurrekoetan ez bezala, egin ditugun lagunekin berriz elkartzeko aukera izan dugu. Buenos Airesen, bidaiaren hasieran bezala, Nuñez auzoko Maite eta Nachoren etxean eman ditugu egun batzuk.

Ederra izan da berriz ere elkartzea eta oraingoan, harremana estuagoa, etxean bezala sentitu gara. Bizikletak kutxetan sartu eta Cordobarako autobusa hartuta agur esan diegu Buenos Aireseta gure lagunei. Berriz ere elkartuko garelakoan, laster arte!


Cordoban zain geneuzkan Alta Graciako lagunak. Pablok bigarren aldiz tokia egin digu bere etxean eta asado eder batekin eman digu ongi etorria. 


Huellas bizikleta taldeko lagunekin asadoaz gozatzeaz gain txango bat ere egin dugu. Dena ez da tripa batetzea izango!

Alta Graciatik Cordoba hirira hurbildu gara tango ikuskizun politaz gozatzera.


Pabloren familiarekin igande pasa atsegina ere izan dugu argentinar familia askok igandero egiten duten bezala.

Iritsi zaigu Alta Gracia utzi eta Argentina iparralderantz joateko ordua, baina oraingoan ez goaz bakarrik. Pabloren Combi furgoneta zaharreko sabaian bizikletak jarri eta bagoaz Pablo eta Veronicarekin batera. Agur Alta GraciaHoracioPablo RivarolaHeru… hurrengora arte!

Iparraldera hurbildu garen heinean agertu dira lehenengo llamak eta kaktusak. Hau beste Argentina bat da.

Cafayaterako bidean Quilmes herriaren aztarna zaharrak ezagutzeko geldialdia egin dugu. 5.000 pertsona inguru bizi zen garai batean herri honetan. Espainiar kolonizatzaileei gogor aurre egin ostean azkenean mendean hartu zituzten. Beraien herria suntsitzean gain 1667. urtean bizirik geratu zirenak milaka kilometrora deportatu zituzten, Buenos Airesetik gertu, bidean gehienak hil zirelarik. Gaur egun Argentinako garagardorik ospetsuenak Quilmes izena darama…


Calchaqui bailararen hegoaldean dagoen Cafayate herri politera iritsi gara. Mendiz eta mahastiz inguraturik, 1.680 metroan, ezaguna da bertako Torrontes ardo zuriagatik eta dastatzeko aukera izan dugu.


Cafayatetik Salta hiribururako bidea hartu bezain pronto “Quebrada de las Conchas” arroila ikaragarrian sartu gara. Las Conchas errekak sortutako arroila honek arroka gorrian forma ederrak margotuak ditu.

Horrela sortu dira Anfiteatroa eta “Garganta del Diablo”.



Salta eta Jujuy hiriak atzean utzita iritsi gara Purmamarca herrixkara. Hortxe gaude gosaltzen kanpinean. VeroAinhoa, Pablo.

Quebrada de Humahuaca”n dauden herrietako bat da Purmamarca, oso ezaguna bertan dagoelako “Cerro de los siete colores”. Ez ditugu koloreak zenbatu baina zoragarria da tokia.




Bailaran gora jo dugu bertako Tilcara eta Humahuaca herrixkak ere ezagutuz. Herri txiki politak. Adobezko etxeak, eliza zaharrak eta turistentzat dendatxoak.



Bailarako beste formazioa sinesgaitza “Paleta del pintor”.


Humahuacatik Salta hiriburua ezagutzera etorri gara. Hiriko erdialdean etxe kolonial ugari dago eta inguruan jendea joan etorrian.


Garai batean eraikinik garrantzizkoena zen kabildoa.


San Francisco eliza.


Bost eguneko bidaia honetan kilometro ugari egin behar izan ditu Combi zaharrak eta bere arazoak eman dizkigu. Eskerrak SaltaDario mekanikoa topatu dugun.

Saltatik Cafayatera bueltatu gara eta han Pablo eta Veronica agurtzeko ordua heldu da. Bost egun eman ditugu gustura baino gusturago iparraldeko inguruak ezagutzen eta orain, beraiek Alta Graciara bueltatu behar dira eta guk berriz ere bizikleta bidaiari berrekingo diogu. Mila esker bihotzez!


ETA AZKENEAN… BERRIZ ERE BIZIKLETAZ!
Atzean geratu dira Argentina eta Txileko hegoaldeak eta orain norabidea aldatu eta iparraldera begira jarri gara. Hilabete pasa da bizikletaz ibili gabe eta ederki sumatu dugu sasoia galtzea. Tripa betea baina zangoak ahul, gogorrak izan dira lehen egun hauek. Calchaqui bailaran gora iparralderantz hasi gara herrixkatik herrixkara.



Angastaco herrixkara iritsi aurreko kilometroak oso gogorrak egin zaizkigu. Eguerdiko beroak eta hondarrezko bideak lehertuta utzi gaituzte. Eskerrak bidea arroila estu eder batetik zihoala eta horrek poztu gaituen.




Bailarari izena Calchaqui ibaiak ematen dio eta izena emateaz gain, askoz garrantzizkoagoa, bizia bera ematen dio. 

Ura da bailarako altxorrik preziatuena eta honi esker bertako biztanleek lurrak landu ditzakete.


Tipula da nagusi inguruan baina piper gorriak, eguzkitan lehortzen, ere ikusi ditugu.



Bailaran gora iritsi gara hurrengo herri garrantzitsura, Cachi herrira. Mendi erraldoien azpian dotore agertzen da.

Herria txikia izanagatik nahiko ezaguna da turisten artean, baina halere giroa oso lasaia da. Lasai gabiltza herriko plazan 1796. urteko San Jose elizaren ondoan. 

Cachin oso toki berezian hartu dugu ostatu. Aurreko egunean Molinos herrixkan Pablo eta Facundo topatu genituen. Herriz herri dabiltza denetarik saltzen: hozkailuak, koltxoiak, armairuak, oheak… Cachin dute Reyes Hogar denda eta bertan, saltzeko dauzkaten koltxoietako batean (Pablok azaldu digunez daukaten koltxoirik hoberenean), ohea prestatu digute.


Cachitik bailaran gora jarraituko dugu Calchaqui errekaren ondotik. Bailararen bukaeran daukagu Abra Acay mendatea gure zain 4.900 metrorekin, ea ordurako zangoak gogortzen zaizkigun!


ARGENTINATIK TXILERA (azken aldiz), BOLIVIARA BEGIRA

Cachi herria atzean utzita Calchaqui bailararen alderik turistikoena ere atzean geratu da. Ibaiaren ondotik gorantz jarraitzen dugu lur idorrean errekak sortzen duen orbain berdeaz txunditurik.


La Poma herrixkara iritsi aurretik estugune bat sortzen da eta ibaia lur azpiko koba batean ezkutatzen da gero berriz ere agerian jartzeko. El Puente Del Diablo.


La Poman humitak dastatzeko aukera izan dugu. Artoa xehatu eta gero tipula, gurina, albahaka, gaztarekin… nahasten da ondoren artoaren hostoan bertan bilduta egosita edo labean prestatzeko. Ze goxoa!!!


Ingurune honetan etxe gehienak adobezkoak dira.


Inguruko lurra urarekin nahastu eta forma emanaz adobezko adreiluak egiten dira eguzkitan lehortzen utziaz. Horretan topatu dugu Arturo La Poman paseatzen gabiltzala.



Goiz polita herria atzean utzi eta Abra Acay mendatearen lehenengo maldei aurre egiteko. Bailara estutu eta maldak gogortu.



Goialdean oraindik familiak bizi dira. 3.500 metroan La Quesera etxean bi ama gazte topatu ditugu beren seme-alabekin.


Eta bailararen azken etxean, 4.000 metroan, Damiana amona, Flavia ama eta Luisa, hiru urteko alaba, topatu ditugu. Llamak eta ahuntzak zaintzen, gazta eta llamaren artilearekin eginiko arropak saltzen… lasai bizi dira.


Beraien etxe ondoan kanpaldia egin eta altuera egokitzeko egun bat beraiekin eman ostean bagoaz maldan gora. Inguruko mendiek burdin asko dute erraietan eta kolorean nabari da.


Goiz hasi dugu egun gogorra eta poliki, oso poliki, bagoaz aurrera bihurguneak behealdean geratzen direlarik.


Geroz eta gorago oxigeno falta nabariagoa da eta arnasa hartzeko geldialdiak ugariagoak. Aldapa gogorrari zangoak zorrotz.


Batzuetan bizikletak bultzatu behar izan baditugu ere, nekatuta baina pozaren pozen, iritsi gara mendatearen gailurrera! Goizeko 8:10ean hasi gara eta 13:20an iritsi. 16 km.


Nola? 4.895 metro! Ba ez gaude ados, guk ditugun datuen arabera 4.960 metro dira…
Paisaia ederra eta jaitsiera luzea dira gure oparia.


Egun luzearen ostean akituta iritsi gara meategien inguruan sorturiko San Antonio de Los Cobres herrira.


Inguruan meategi asko dago eta San Antonio de Los Cobresetik irteten gora eta behera dabiltzan kamioien hautsa dastatu behar izan dugu. Eskerrak ez duen luze jo kontuak.



Kamioiak baino gustukoago ditugu Oscar bezalako llama-zaintzaileak. Inguruko pertsona asko bezala koka hostoak ahoan sartuta kokeatzen topatu dugu.



Mendateak ez dira amaitzen eta maldan gora eta behera darraigu. Halere, oraingo honetan, okerrena mendatea jaitsi ostean etorri da.



Olacapato herrixkara iristeko lautada luzean haizeak gogor jo gaitu aurretik. Hondarra aurpegian, ezin aurrera jo… hilda iritsi gara. Eskerrak Nelsonek bere ostatuko txoko batean tokia egin eta dutxa beroa eskaini digun musu-truk.  Goizean, agurtzerakoan, bizikletarekin argazkia ateratzeko eskatu digu.


Hurrengo eguna lauagoa eta lasaiago izan da, indar-berritzeko primerakoa.


Ingurune paregabe hauetako gauzarik itsusiena batzuetan ondoan izan ditugun burdinazko  erraldoi zatar hauek izan dira. Euskal Herrian ere jarri nahi dizkigute batzuk!


Argentina eta Txile arteko aduanan gaua pasata iritsi gara Paso Sicora.



Bidaia honetan bi herrialde hauen arteko muga zeharkatzen dugun azken aldia da. Azken hau zortzigarrena izan da!

Muga pasa eta han urrunean zain ditugu mendiak. Haien artetik pasa behar gara.


Urrun zeudenak pixkanaka gerturatzen doaz  inguruan ditugun arte.



4.458 metroko Sico mendatea eta 4.578 metroko Laco mendateak igarota iritsi gara Campamento Laco meategiko kanpalekura. Orain ez dabiltza lanean burdina-meategi honetan eta bi zaintzaile topatu ditugu bertan: Alex eta Mijail. Tokia egin digute kanpalekuan eta zinez eskertu dugu.


Kanpamenduko lagunak agurtu eta ingurua are eta txundigarriago bilakatu da. Mineralek eder baino ederrago janzten dituzte mendian hemen.


Tuiajto lakua


Aguas Calientes gatzaga


Argazkietan ezin duguna erakutsi haize madarikatua da. Ingurune zoragarri honetan gabiltzan bitartean haizeak gogor astintzen gaitu, gogor kolpatzen gaitu, beste egun gogor bat.


3.840 metroan kanpaldia prestatu dugu eta goizean, esnatzerakoan, botiletako ura izozten hasia da. Eskerrak lo-zaku potoloak ditugun!


Goiza goxatzen doa pixkanaka zentzu guztietan. Sekulako oparia dugu aurrean. Hondarrezko eta harrizko bidea asfalto leunezko errepide goxoan bilakatu da eta 3.900 metrotik 2.300 metrorainoko jaitsiera luzea dugu. A ze gozatua hartu dugun! Urrunean Atacamako gatzaga ikus dezakegu.


Maldaren bukaeran Atacamako desertuan gaude. Ingurune lehorrean bizi gutxi egon arren, batzuetan kontuz ibili behar gara inguruko xomorroekin.



San Pedro de Atacama herrirako bidean gurutzatu dugu hegoaldeko tropikoa.


Iritsi gara San Pedro de Atacama herri megaturistikora eta ospatzera goaz lau eguneko atsedenaz: lo egin, ondo jan eta edan, jendearekin solasean aritu… Nahi duenak badu aukerarik hemen. Tourrak nonahi daude: sumendietara igo, bailaretara joan, gatzagak eta lakuak ikusi... guk bidean ikusi ditugu batzuk eta aurretik baditugu beste batzuk.


Zazpi hilabetez Argentina eta Txile artean ibili ondoren iritsi zaigu herrialdez aldatzeko ordua. Boliviara goaz orain, Uyuniko gatzagarantz, hori bai, hara iristeko ibilbide zaila dugu aurretik. Bagoaz!

IBILBIDEA (Klikatu izenean)

No hay comentarios:

Publicar un comentario